XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gainera, azautan bil daitezkeen zuntz muskularrez zeharkaturik dago.

Hauek zelula muskular independenteak dira, zelula mesenkimatikoen desberdintzapenaren ondorioz eratuak, eta ez, marmoka eta polipoen kasuaren moduan, zelula mioepitelialetatik sortuak.

Mesogleako zelula eta zuntz guztiek jatorri ektodermikoa dute.

Nerbio-sistema, nerbio-zelula multipolarrek eraturiko sare irregularrean oinarriturik dago, zelula epidermikoen oinetan kokatuta.

Ondorioz, goi-mailako egiturarik desberdintzatu ez duen nerbio-sistema difusoa dela esan dezakegu.

Zortzi saihetsetako nerbio-zelulek egitura erregularragoa aurkezten dute, saihets bakoitzarekiko paraleloki eta igeriketa-plakak transbertsalki konektaturiko bi kordoi longitudinal aukezten dituztelarik.

Mota honetako beste kordoi batek, aho inguruko nerbio-eraztuna eratzen du.

Seguraski, mesoglean ere nerbio-zelulak agertuko dira, baina frogatzeke dago oraindik.

Sentimen-organoen artean organo apikala aipatuta dugu.

Hau oreka-organoa da, eta igeriketa-plaketen astinketa eraentzen du, horrela, oreka-posizioa bertikalki mantentzen duelarik.

Marmoken estatozistoaren eta ktenoforoen organo apikalaren egituraren artean desberdintasun handiak daude.

Bestelako sentimen-organorik ez dugu aurkituko; agian, epidermian zehar sentimen-zelula isolatuak aurki daitezke, batez ere aho inguruan.

Horrela, bada, ez da ikusmen-organorik azalduko.

Saihets azpiko hodi-pareta irekiunez zeharkaturik dago, zeintzuak zelula ziliodunezko koroa biz inguraturik bait daude.

Koroa bat hodi-argirantz astintzen da, eta bestea mesoglearantz.

Organo hauen kokapen eta egiturak, funtzio exkretatzailea dutela pentsarazten du.

Ktenoforo guztiak hermafroditikoak dira.

Gonadak, hodi kostalen kanpo-paretan xingola jarraiak edo ezjarraiak eratuz kokatzen dira.

Gonada emeak eta gonada arrak (ikus 60. ird.), beren parakuntzan agertzen duten erregulartasuna dela eta, arazorik gabe bereiz daitezke.

Obulu eta espermatozoideak aho-irekiunetik kanporatzen dira, sistema gastrobaskularretik pasatu eta gero.

Ktenoforoak zelenteratu-multzoan sartu behar diren arren, gainontzeko lankideetatik desberdintzatu behar dira, ezaugarri hauexek direla eta:

- Ez dute zelula erresumingarri ziztatzailerik.

- Koloblastoak aurkeztuko dituzte.

- Zelula muskular autonomoak dituzte.

- Sistema gastrobaskularrak konfigurazio desberdina eta konplikatuagoa du.

- Organo apikala eta lokomozio-aparatu oso berezia agertzen dute.

Desberdintasun hauek direla eta, phylum bereziaren maila eman behar zaie ktenoforoei, knidarioekiko bestelakoa eta hortik datorkie aknidario izena.